Ioritz Ardeok irabazi du Abenduko Zuzeu Gaztea Saria

Abenduan hamar sarrera jaso ditu Zuzeu Gaztea Sariak, zazpi sinadurek idatziak. Eta guztien artean, saria Ioritz Ardeoren “Loteriarik ez, eskerrik asko!” sarrerari ematea erabaki dugu, modu ulergarri eta soil batez Loteriaren gainean duen iritzia eman baitigu.

 

Ardeorenaz gain, gustatu zaigu Irati Armentiaren “Lehen aldiz harrapatua” ere, eta Nerea Fernandezek esneak sailkatzeko egin duen ahalegina. Baina saria batek baino ezin jaso, eta gainontzekoak izango dute aurrerago ere aukera, lehiaketarako sarrerak argitaratzen jarraituz gero.

 

Bukatu berria zaigun 2018an,  62 lagunen 129 sarrera plazaratu ditugu, tartean lehen aldiz idazten zuten 32 sinadurenak. Hauetatik hamabi saritu ditugu, hilabetero bat, bederatzi emakume, bi gizonezko eta taldekako idatzi bat.

 

Azken saritu honekin, 2016an abiatu genuen lehiaketak hiru urteko ziklo bat ixten du, xede berarekin beste bat hasteko, are indartsuago. Aurrerantzean, Zuzeu Gaztea Saria hiru-hilabetero emango da, eta askoz poltsa pisutsuagoa banatuko du.